lunes, 11 de enero de 2010

Patxi lopezi elkarrizketa


Patxi Lopez lehendakariak esan du hasi berri den urtea "zaila" izango dela eta "zerga-politikaz hitz egin beharra" dagoela, "herri eredua zehaztu nahi badugu, nola ordainduko dugun zehaztu behar delako". "Zerga-politikari buruz hausnarketa egin eta egokiena hautatu behar dugu. Horretarako, erakunde guztiak inplikatu behar ditugu eta eztabaida abiarazi", gaineratu du lehendakariak.

Radio Euskadiren Boulevard saioari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, inkestetan lortu dituzten emaitza txarrek ez dute ezbaian jarriko PPrekin duten akordioa, "legegintzaldi osorako" baita. Era berean, euskal gizarteak Jaurlaritzari buruz duen iritzia "egunez egun aldatzen" ari dela uste du, izan ere, "premiazko beharrei erantzuten ari garela ulertzen ari da".

Ezer baino lehen, hala ere, "elkartasuna eta gertutasuna" helarazi nahi izan die lehendakariak iragan asteburuan Pirinioetan hil diren hiru mendizale nafarren senideei.

Lopezek esan du ez dutela gobernatzen "inkesten arabera", baina onartu egin du inkestek "iritziaren egoera zein den jakiteko eta zenbait gauza zaintzeko" baliagarriak direla.

Hori horrela, Euskobarometroak emandako emaitzak izan ditu hizpide eta haren esanetan, "30 urtetan Gobernu abertzaleak izan ostean, oso zaila da gizarte oso baten iritzia aldatzea".

"Baina ziur nago egunez egun hori aldatzen joango dela eta momentu honetan ditugun beharrei erantzuten ari den Gobernua garela, herri honek behar dituen tresnekin gainera, elkarrizketarekin eta ulermenarekin", zehaztu du lehendakariak.

Horren harira, Lopezek azpimarratu du ez dutela "inkesten arabera" gobernatzen, "baina egia da gauzak zuzentzeko deia dela". Lehendakariak esan du, hala ere, inkestek ez dutela PPrekin duten akordioa ezbaian jartzea ekarriko, "legegintzaldi osorako" akordioa baita.

ETAren kontrako operazioa

Bestalde, lehendakariak ETAren kontra Portugalen eta Frantziako Estatuan egin dituzten polizia operazioak ere izan ditu hizpide, ezker abertzalean gogoeta egiten ari direla dioten bitartean, "ETAk lehergailuak garraiatzen dituela" salatuz.

Lehendakariaren esanetan, ezker abertzalearen barne gogoeta "teorian, alde batetik doa, baina ETA beste alde batetik, mina zabaltzearen aldetik", alegia.

Lopezek azpimarratu du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak oso argi adierazi zuela eta "abertzale erradikalak gogoeta egiten ari diren bitartean, ETA lehergaiz beteta zegoen furgoneta bat gidatzen ari zen".

"Ez dago zigortzeko arrazoirik" Batasunarekin bildu zelako

Lehendakaria "lasai" agertu da Auzitegi Gorenak asteazkenetik aurrera har lezakeen erabakiaren harira. Lopez PSE-EEren idazkari nagusia zenean eta ETAk su-etena eman zuenean Batasunarekin biltzeagatik salaketa jaso zuen eta Ibarretxe lehendakari ohiarekin batera epaitu zuten. Lopezek ziur esan du ez dagoela "zigortzeko" arrazoirik bere jardunbidean.

Lopezek esan du, dena dela, "beti" dela "deserosoa" akusatuen aulkitxoan esertzea epaiketa berriro egitea ebazten badute.

Urdaibaiko Guggenheim

Patxi Lopez lehendakariak Urdaibai garatzeko modu egokiena zehazteko mahai bat eratzea proposatu du, eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren "harrokeria" salatu du.

Guggenheim bezalako "museotzar" bat Urdaibaiko "biosfera erreserbarentzat onena" izan daitekeela zalantzan jarri ondoren, gogor gaitzetsi ditu Bilbaoren hitzak, berak ordainduko duela esan zuelako eta zergak igotzea proposatu zuelako.

Lehendakariak "Ibarretxeren Gobernuak inoiz ez zuela Urdaibaiko Guggenheimen aldeko apustua egin" onartzeko eskatu dio EAJri. "Inoiz ez dute eurorik bideratu proiektu horretarako. Are gehiago, errefusatu egin zuen aurreko Jaurlaritzak", gaineratu du.

Egunkaria

'Egunkaria auzia'ri buruz, lehendakariak "justizia egin dadila" eskatu du, "baina egia da epaiketa egiteko 8 urte pasatu izanak ezbaian jartzen duela Justiziaren Justizia".

"Uste dut horrelako kontuetan prozesuak lehenago irekitzea eta ixtea exijitu behar dela, zortzi urte gehiegi dira, justiziarekiko iritzi txarra sortzeko modukoa, beraz, azkarrago jokatu beharko litzateke. Hala ere, azkenean, auzi honetan ere Justizia egingo dela espero dut", gaineratu du.

Kataluniako Estatuta

Kataluniako Estatutari buruz galdetu diotenean, "Estatutaren funtsezko puntuak ez direla ukituko" espero du, izan ere, "Kataluniako Parlamentak, Diputatuen Kongresuak eta herritarrek berretsitakoa da". "Kontraesankorra litzateke Estatutaren oinarriak aldatzea", berretsi du.


eitb-ko web gunetik ateratako berria

jueves, 5 de noviembre de 2009